XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ARMA-GIZONA, PAKEAREN OIÑARRI ETA GERIZA

Euskaldunak gizajo-paketsuak dira asarre ez diranean. Ikusten danez, maiz izan ditugu asarre, guda-faltarik izan ez bait dute.

Alaz ere, gudarako gogo gutxi agertu du beti euskaldunak.

Anibal'ekin pakeak eginda gero, berarekin joan ziran zenbaitsuk, Alpes-mendien zear, Erroma`raino.

Ondoren, berriz, erromatarrekin batera munduko baztar guzietan zabaldu ziran, lejionario bezela.

Etxean franko eta godoekin burruka amorraturik; ez zan falta izan.

Frankoak ifarretik eta godoak egoaldetik; erdian, euskaldunak burnia txingudi eta maillauren tartean bezela.

(Oietako ekintza baten oroigarri da frantsesen Erroldan abesti zaarra).

Mairuen aurkako burrukan ere parte artuko dute gogoz.

(Lazkao'ko Amador jauna izan zan, 1340'an Salado Ibaiaren inguruko burruka-aldian, gipuzkoarren buruzagi.

Ori zala-ta, Erregeak Cazorla'k Alkaide eta Gobernadore egin zuan eta Caballero de la Banda izendatu.

Granada'ko mairuen aurka burrukatzeko 1431'an Bizkaiko Enkart-erritik urten zuten Otxoa de Salazar eta bere senide eta aideek.

Juan Alvarez de Avellaneda izan zan Erregearen Alfereza, eta Banda'ko Ikurriña (Pendón de la Banda) Pedro Ayala eskuetan egonik zan.

Erregiñak Gipuzkoarreri eskatu zien Gibraltar'eko itsas-ate-estua eta Granada inguruko itsaso zabala zaintzeko, esagutzen bait degu zuen itsasorako abilidadea eta gureganako leialtasuna.

Gipuzkoak, bere kontura eta bere bizkarretik, iru galeoi aundi bialdu zizkion.

(Gerra amaitu zanean, berriz, Granada'ko azken errege mairua euskaldun ontziak eraman zuten Berberia'ra).

Euskalerriak ba zuan bere gudarostea; baiña, lurraren defensarako bakarrik.

Gizon aberatsek (ricos hombres) eta Erregeak osatzen zuten guda-arazoetako Nafar-batzordea.

Zaldunak auek ziran Aide Nagusien artean (nobleza) bigarren maillako beuren zaldia eta armak gertu eduki bear zituzten Erregearen deiari bereala erantzuteko.

Baiña, gudaroste bereizia, egunerokoa, oso zan eskasa eta txikia.

Nafarroa'ko odol-garbiko aitorensemeak (hidalgos) libre eta kitu dira (libre e quitos); baiña, kanpotik etsairik sartuko balitz mugen barrena, orduan Erregearen deiari erantzun bearko diote, iru egunez bakoitzak beuren kontura.

Egun oiek bete ondoren, Erregearen (edo deia egindakoaren) bizkarretik bear zuten izan eta ez bestela.

(Juan II, 1416).

Kalekume xumeak (villanos), berriz, gerratean, esandakoa bete bear zuten denbora-neurririk gabe.

Gudarik ez zanean, etxe bakoitzetik batek erantzun bear zuen.

Arabarrak, kanpaia entzutean, arma eta guzi erantzun bear zioten deadarrari.

Baiña, pake garaian ez zuten soldaduzkarik.

Gerrarako deia Junta Jeneralak egin oi zuan eta berak izendatzen zitun Terzio bakoitzeko buruzagiak eta ofizialak.

Diputadu Jerenala zan indar guzien berezko buru eta bere ardurapean zeuden Probintzi guziko gudarostearen bideak, geraldiak eta ostatuak.

Bizkai'ko Jaunaren gudarako deiari erantzutera beartuta zeuden bizkaitarrak itsasoz bezela legorrez ere Fueroen agindura.

Baiña, Fueroak dionez Malato Arbolaraiño duban eta soldatarik gabe... andik aurrera, berriz, bi illebeteko soldata eman bearko zaio gudari bakoitzari Ateetaik onuntz (aquende los Puertos).

Ateetatik aruntz balitz, iru illebeteko soldata....

Baiña, soldata oiek aurretik eman ezik ez dira sekula Malato Arbolatik aurrera sekula joan (Tt I Ley 5).

Onela dio Gipuzkoa'ko Fueroak: Guda arazoetan Erregeari serbitzean lege zaarra eutsi.

Agindu zaarrari au da: Probintzi onen mugeetatik ez dadilla iñork urten Erregearen agindura, ez itsasoz eta ez legorrez, aurretik bear dan soldata jasotzen ez bada.

Gudarako izena ematea bakoitzaren erri-Kontsejuan egin bear zan: Joan dedilla bakoitza bere erriaren ikurriñaren azpian, naiz zaldun naiz Ordenes Militareskoak izan, naiz Inkisizioaren Familiarrak.

(1596'an etsaien eraso-aldi baten bildurrez, eibartar askok mugara jo zuten).